2014(e)ko urt. 18(a)

ORDEZKARITZA ORGANOAK GAIA (LPO): Agur sindikatuen egitekoari?

«Kultura aldaketa» 
(BERRIA.info - 2014-01-18)
Berba hanpatuak erabili zituen Aiertzak 300dik gora enpresariren aurreko agerraldian: «egun historikoa», «aro aldaketa», «kultura aldaketa». Langileen parte hartzea eta atxikimendua hauspotu behar dela, eta itunak «pertsonekin» egin behar direla uste du Aiertzak. Kultura aldaketa, ordea, urteetako lana izango dela eta oztopoak izango dituela aitortu du. «Baina aldaketa enpresariok gidatu behar dugu».

Aurkeztutako eredua joan den abenduan onartu zuen Adegik «kolektiboki eta alde bakarrez», eta prozesua uztailaren 7ko efektuak bizkortu badu ere —lan hitzarmen kolektibo gehienak iraungi ziren orduan—, Patronalak aitortu du aspalditik landuta zeukala bide orria. Iazko ekainean Donostiako Kursaalean enpresarien zalantzak argitzeko egindako konferentzian esandako ideiak errepikatu dira Adegiren bide orrian. Batetik, Gipuzkoako soldatak «Espainiako Estatuan handienak» izan direla, eta lanorduak, aldiz, txikienak; eta bestetik, lan itun kolektiboetan jazotako lan baldintzak ez direla beharginek eskuratutako eskubideak.

Tapiak egoki ikusten du Adegiren eredua gaurko «lan gatazka maila handia» desegiteko. Egungo lan gatazkak «enpleguak suntsitu eta inbertsioak uxatzen dituelako», sailburuaren esanetan. Iaz EAEn greba kopurua %21 hazi zen, eta lan egin gabeko lanaldiak %8,4 hazi ziren, lehiakortasunari kalte eginez Tapiaren arabera. Halere, enpresariei ohartarazpena egin die: «Euskadiko lehiakortasuna ezin da oinarritu lan kostu txikietan, balio erantsian baizik».



 Agur bitartekariei. Agur sindikatuen egitekoari. Enpresaria eta langilea aurrez aurre nahi ditu Adegik. Gipuzkoako patronalak lan harreman «berri» bat aurkeztu zuen atzo Donostiako Miramongo auditoriumean, eta lan baldintzak langileekin banaka-banaka hitzartzea sustatuko du. Jose Miguel Aiertza Adegiko idazkari nagusiak nabarmendu zuen proposamena ez doala inoren kontra: «Ez doa negoziazio kolektiboaren aurka, ez sindikatuen aurka. Argi gera dadila». Enpresariei aurkeztutako bide orria «hirugarren bide bat» da, Aiertzaren esanetan, «enpresako eta arloko negoziazio kolektiboak baztertu barik». Eusko Jaurlaritzak babestu eta txalotu egin du patronalaren bide orria, eta sindikatuek erabat arbuiatu dute.