2014(e)ko api. 13(a)

LAN ARRISKUEN PREBENTZIOA MUTUALIA-REN LAGUNTZAZ

Lan Arriskuen Prebentzioaren alde sentsibilizatzeko Proiektua

LPO Mintegiak aurten ere, Lan Arriskuen Prebentzioaren alde sentsibilizatzeko proiektua aurrera eramateko MUTUALIAko Kristina Irizar andrearen laguntza izan du, apirilaren 10 eta 11n. Jakin badakigunez LPO modulua gainditzen duenak "laneko arriskuen prebentzioko oinarrizko mailako teknikaria" izatea lortuko duela, moduluaren edukiei sakontasun eta praktikotasun gehiago emateko prestatzen dira jarduera hauek.

Besteak beste ikasten diren edukien artean hauek daude: LAPL (1995) legea, espezialitateak, langile eta enpresaburuen eskubideak eta betebeharrak, arriskuen identifikazioa, ebaluazioa, arriskuak ekiditzeko edota gutxitzeko beharrezko diren neurriak, autoprotekzio-planak (emerjentzi plana), NBE (EPI delakoak), seinalizazioak, lan istripuen aurrean jarraitu beharreko jarraibideak, makina eta ekipamenduei aplikatzeko arauak, arrisku fisikoak (zaratak…), kimikoak, biologikoak, elektrikoak, psikosozialak (mobbing-a, estresa,...)…




Bideo honetan ikusten den moduan oso metodologia praktikoa eta parte hartzailea erabili zuen Kristinak, ikasleen "burmuinetan" lan arriskuen prebentzioa gai garrantzitsua dela gera zedin.

2014(e)ko api. 7(a)

ESTRESA LANTOKIAN: ZER DIO EUROPAK?

Laneko estresa kudeatzeko kanpaina abiatu du Europak
(EITB-KO ERREDAKZIOA 2014/04/07)
Langileen % 51k dio estresa ohikoa dela bere lantokian.
Laneko estresari aurre egiteko kanpaina berria abiatuko dute Europa mailan, Europako batzordeak iragarri duenez. Langileen arazoen artean bigarrena da estresa, eta galdutako lanaldien % 50 eragiten du, Bruselak emandako datuen arabera.
Kanpaina berria enpresaburuei eta langileei dago zuzenduta, era 2014 eta 2015 urteetan egingo dute. Urteko 20 milioi euroko aurrekontua izango du, eta lantokian estresa identifikatzea eta kontrolatzea izango da xedea. Horretarako, erreminta bideratuko dituzte, eta patronalaren eta sindikatuen arteko elkarteak sustatu. Halaber, estresaren kontrako Europa maila jarduerarik onena saritu dute.
Laszlo Andor Europako Enplegu komisarioak ohartarazi duenez, estresak arazo larriak eragin ditzake epe luzara. Halaber, absentismoak eragiten duen ''inpaktu ekonomiko handia'' azpimarratu du.


Europa mailako inkesta baten arabera, langileen % 72k uste du antolaketa kaxkarra eta segurtasun eza direla estresaren arrazoi nagusiak. % 66ak lanorduei eta lan-kargarik leporatzen dio estresa, eta % 59k, bestalde, onartu ezin diren jarrerei, tartean jazarpenari. Bestalde, langileen % 51k dio estresa ohikoa dela bere lantokian.

2014(e)ko api. 4(a)

XEDEA: SOLDATEN DEFENTSA


LAN SARIAK DEFENDATZEKO, ENPRESAZ ENPRESAKO ESTRATEGIARI EUTSIKO DIOTE SINDIKATUEK

Mikel Noval ELAko arlo sozialeko arduradunak datuak jarri zituen mahai gainean bere tesia defendatzeko: azken hiru urteetan KPI metatua %8,3koa izan da, eta EAEn lan kostuak %3,6 igo dira eta %0,6, berriz, Nafarroan. Horrek erosteko ahalmenak 4,7 puntuko jaitsiera eragin du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 7,7koa Nafarroan. Horren ondorioz gizartean «pobrezia» areagotzen ari dela esan zuen Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak, eta horregatik, soldatak defendatu behar direla berretsi: «Soldata handiekin zerga gehiago ordaintzen da, eta horrek pentsio sistema, hezkuntza edo osasun sistemak bermatzen ditu».


Soldaten jaitsiera horretara bi bidetatik iritsi dela esan zuen Garbiñe Aranburu LABeko Ekintza Sindikaleko arduradunak. Alde batetik, soldatak izoztuta edo oso gutxi igota; eta bestetik, soldaten eta KPIaren arteko lotura hautsita. Adierazi zuen patronalek argi esan dutela 2016ra arte soldatak ezin direla igo, eta edozer egin behar dela KPIa erreferentzia ez izateko. «Sektoreko negoziazioa blokeatuta dagoen bitartean, enpresetan patronalak nahi duen soldata egitura hori negoziatzea patronalaren estrategia babesteko beste modu bat da».




Soldaten aldeko borroka horretan ELAk hilabete iraungo duen komunikazio kanpaina bat abiatuko du lantokietan. Hala ere, «behar bezainbeste luzatuko da», Muñozen arabera. Soldata dirua baino gehiago da lelopean egingo dute kanpaina, helburu argi batekin: sindikatua soldaten jaitsiera «oztopatzeko» eragile izatea. Era horretan, enpresetan antolatu eta soldaten alde borrokatzeko deia errepikatu zuen Muñozek: «Patronal eta gobernuek diote soldatak jaisten enplegua defendatzen dela. Ez da horrela, eta guk argi esan nahi dugu ELA oztopo izango dela». Enpresaz enpresa egingo dute borroka hori.

LABek ere estrategia horri helduko dio. Lantokiz lantokiko borrokan, akordioak lortzen saiatuko da, «baina ez orokorrak, ez direlako eraginkorrak», Etxaidek nabarmendu zuenez. Halaber, langile berriei soldata apalagoak ordaintzearen aurka egingo du. Alabaina, LABen irudiko, soldaten murrizketaren aurkako borroka ezin da bakarrik lantokietan egin: «Borroka horren gainean borroka politikoa egin behar da, honen guztiaren gainean erabaki politikoak daudelako». Erakundeetara eramango du aldarrikapena, ekinaldi zehatzen nahiz orokorren bidez. Ekinaldiei dagokienez, eskaera nagusiak izango dira negoziazio kolektiborako eskubidea bermatzea eta gutxieneko soldata hobetzea. Soldaten egiturari buruz eztabaidatzeko ere prest daudela azaldu zuen Etxaidek, baina Euskal Herrian negoziatzekotan eta emaitza eredu berri bat izatekotan.

LANDER MUÑAGORRI GARMENDIA - MIREN GARATE BILBO -DONOSTIA
BERRIA.INFO 2014-04-01